Elikadura iraunkorra

Elikadura era oso eta integral batean ulertzea oinarri gisa hartuta, jaten ditugun jakien inguruko begirada zabaltzera gonbidatzen zaitut, eta kontzientziaz, gure elikadura eta kontsumo ohituren inguruan era osasungarri eta iraunkorrean pausuak ematera.

Zertan datza
elikadura iraunkorrak?

Elikagaiak ekoizteko eta banatzeko moduek jateko moduekin batera lotura estua dute, bai gizakion osasunarekin, bai gizartearen baldintzekin, bai ekonomiarekin eta baita ingurumenarekin ere.

Egungo elikadura sistemak elikagaien dibertsifikazio eta eskuragarritasuna handitu duela ezin da ukatu. Munduko edozein lekutako jakiak jan ditzakegu, edozein mota eta zaporetako jakiak ditugu eskura eta lehen soilik garaian genituen elikagaiak urteko edozein sasoitan kontsumitu ditzakegu.

Baina honek osasun, ingurumen eta kalte sozialak ere eragin ditu: elikadurarekin loturiko gaixotasunak eragiten dituzten elikagai edo elikagai-produktuen ekoizpena eta bizitza duin bat eraman ahal izateko lan baldintza eta soldata kaxkarrak, esaterako.

Nekazaritza eta abeltzaintza garapenerako gakoa dira eta ezinbestekoak gosea eta pobreziarekin bukatzeko, baina gehiegizko ustiapenean oinarrituriko gaur egungo ekoizpen ereduek, lur, baso eta ur errekurtsoen galera eta klima-aldaketan eragiten ari dira.

Gure inguruan milaka kilometro egin dituzten jakiak ditugu, gehienak modu masiboan ekoitziak izan dira ingurumena kaltetuz, askotan guk garesti ordaindu arren ekoizleari oso gutxi ordaindu zaio eta sarri, lan-baldintza kaxkarretan lanean dabiltzan pertsonak daude atzean.

Osasuna zaintzeko mezuak elikagai industriaren negozioa elikatzen duten elikagai ez osasuntsuez betetako apalekin partekatzen dira. Elikadurarekin lotutako osasun gaixotasunak adin tarte guztietan handitzen ari dira eta hau nire eguneroko lanean ikusten dut.

Honekin batera, elikadura osasuntsu bat aurrera eramateko erosketa saskia geroz eta garestiago dago, bertan elikagaiak sortzeko lur emankorrak galtzen ari dira eta gure ingurunean ekoizleak gutxitzen.

Honela, elikadura osasuntsua eta iraunkorra izateari erabat loturik dago eta munduan geroz eta biztanle gehiago garen honetan elikadura eta nutrizio osasuntsu, bidezko eta duin bat emateko helburua duen begirada batetik lan egitea garrantzitsua da niretzat.

Elikadura osasuntsuak organismoak ongi funtzionatzen,
sasoia ez galtzen edo bere onera ekartzen, eta gaixotzeko
arriskua murrizten laguntzen digute.

Kontzienteki egiten dugun jarduera eta beharrizana izanik ere, gure presazko bizimoduak bultzaturik era automatikoan egiten dugun zerbait bihurtu da kasu askotan. Behar duen baliorik ematen ote diogu? Egunero jaten dugun arren, ohartzen ote gara nondik datozen platerean dauden jaki horiek? Non ekoiztua izan da, nork ekoiztu du, nola, non erosi dut, nola bilduta, zenbat xahutu dut… ez gara gelditzen eta egiten ez ditugun galderak dira.

Elikadura ereiten den hazi horretan hasi eta guk xahutzen dugun horretarako katebegiz osaturiko bide soil gisa ulertu ordez, nire lana, elikadura sistema konplexua dela ulertaraztea ere badela uste dut, osasuna, gizartea, ingurumena, kultura, ekonomiaren dimentsioak barneratzen dituena. Lotura eta joste hauen begiradatik lan egitea garrantzitsua ikusten dut.

Elikadura, gure gorputza, lurra, ingurunea, bertako ekoizleak, gure komunitateak josteko bidea izan daitekeela sinesten dut.

Guretzat osasuntsua izango bada gure ingurunearentzat eta gure hurbileko ingurunearentzat osasungarria izan behar du.

Mundu hobeago bat egiteko helburuaren parte izatea dut printzipio, besteekiko jarrera zainduz, eboluzionatuz eta ohiturak pixkanaka txertatuz, nire lanetik laguntza eta onura sortuz. Gure elikadura eta kontsumo ohituretatik, loturak ulertu eta osasun kontzeptu zabal hau barneratzen laguntzea dut gustuko.

Nola txertatu dezakegu hau gure egunerokotasunean?
  • Modaz haratago, dudan elikadura balio eta moduak errespetatuaz, nire elikadura elikagai fresko eta gertukoez osatuz. Elikagai hauek mantenugaiez borborka daude, oso kilometro gutxira ekoiztu dira eta egun bertan jasoak izan dira, hotzak agian ez baina bai freskoak. Gehiegizko elikagai oso prozesatuak, elikagai izateari utzi eta produktu izatera pasa direnak, noizbehinka jango ditugu bakarrik.
  • Errezetak hartu eta osagaiak aukeratu ordez, kontrako bidea eginez; garaian nire ingurune hurbilenean dudanetik, eta posible bada ekologikotik, errezetak bilatu eta platera goxo, osasuntsu eta errazak prestatuz.
  • Erosten dudanaren etiketak irakurtzen ikasiz. Nire balioekin bat datorren elikadura moduak jarraitu eta erosketa kontziente bat egiteko aukera eskainiko dit.
  • Erronka txikiak ezarriz; gertuko eta garaiko barazki, fruta, lekale, jakiak aukeratuz. Gustatu zaidanetik, familian txertatu dezakegunetik, pixkanaka txertatzeko helburuak ezarriz eta prestatzeko moduak arakatuz.
  • Zer behar dut/ditugu galderari erantzunez: Gure beharrak ezagutu, momentuko beharrak ezagutzen ikasi eta gure elikadura planifikatuz. Honek, gure osasuna zaindu, ondo jatearekin gozatu eta xahuketa gutxitzen lagunduko digu.
  • Behar dudanetik sobratu zaidana aprobetxatuz. Aprobetxamendu errezetak bilatu.
  • Graneleko erosketa moduak lehenetsiz plastikoa ahal den neurrian ekidin eta bilgarrien erabilera (paper, kartoi) gutxituaz.
  • Jaki horren atzean dagonena ezagutuz: Nor dago atzean, nolako kalitate eta prozesua du atzetik. Lana, egiteko moduak eta ezagutza baloratu. Osasuna osatuz, konfiantza, kalitatea, gomendioak eta ezagutza eskuratzeko bidea dituzu..
  • Nire erosketak zein onura eta non sortuko ditu galderan erreparatuz. Noizbait gelditu gara hau pentsatzen?
  • Gertuko erosketa txikiak bultzatuz: azoka, kontsumo talde, kooperatiba, herriko komertzio txikiak lehenetsiz. Herri eta eskualdean elkar lagunduz sareak sortu eta mantentzen lagunduz. Gure elikadura eta kontsumo ohituretatik ere gure inguruko ekoizle, denda txikiak babestu eta herri eskualde biziak mantentzen lagunduko dugu.
  • Etxe, lagunarteko festa eta juntadizoetan bertako elikagaiak balioan jarriz.
  • Herri mailan elikadura osasuntsu eta iraunkorrerako bideak jorratuz. Lurra babestu, ekoizleak lagundu eta sustatu. Herriko festa, afari eta ekimenetan bertako produktuak lehenetsi. Bertako dendari eta ostalariekin lanketa eta kontzientziazio saioak burutu. Herri mailan herritarrek, elikadura eta bizi-ohitura osasuntsu eta iraunkorrerako erremintak eskuratzeko bideak jorratu, herritik, herritarrekin eta herritarrentzat komunitate osasuntsu eta iraunkorragoak sortu eta bizi-kalitatea hobetuz.
Elikadura Jasangarriaren inguruko proiektu hauetan parte hartu dut:
  • Landarlan Ingurumen Elkartean eta On produkzioak ekoizturiko “Zure platerean hasten da mundua” dokumentala. 2022.
  • Agroekologia ikuspuntutik, elikadura osasuntsu eta iraunkor heziketa. Zure platerean hasten da mundua unitate didaktiko eta heziketa ekintzak ikastetxeetan (LH, DBH, Batxilergoa).
  • Beasaingo Udala. Azoka dinamizazio proiektua ikastetxeekin. Elikadura osasuntsu eta iraunkorra sustatzeko sentsibilizazio eta heziketa tailerrak Beasaingo ikastetxeekin (2022-2024).
  • Oñatiko Udala. Natura, elikadura eta ongizatea Oñatiko komunitatean sustatzeko tailerrak.. Lankidetza Amaia Diaz de Monasterioguren eta Oñatiko Natur Eskola. 2022-2023.
  • Ekoetxea. Natura eta elikadura uztartzen duten tailerrak: Sagarra eta sagarraren produktuak, Fruitu lehorrak ezagutuz, Erleak eta erlauntza produktuak ezagutzeko tailerrak, Sagar uzta eta loraldia Azpeitiako ikastetxeekin. Lankidetza Oihana Unanue.
  • Itsasondoko Udala. Herri eskolako jangela eredu aldaketa.
  • Biziola Elkartea. Legorretako eguneko zentroan bertako jatetxe eta tokiko elikagaietatik elikadura osasuntsu eta iraunkor baterako adinekoentzako aholkularitza eta sentsibilizazio material osaketa.

Honela lantzen dut Elikadura Jasangarria nire zerbitzu eta formakuntzen bidez:

Nire zerbitzuen oinarrian elikadura, bizi ohiturak, bizi-zikloak, kontzientzia, motibazio lanketa daude… gure egunerokotik, bakoitzak egin dezakeenaren inguruan kontzientzia sortu eta motibazioa lantzen saiatzen naiz, gomendioetan elikadura osasuntsutik haratago begirada hau landu eta txertatzeko gonbita luzatuz:

Bertako, garaiko produktu ekologikoen onurak azaldu eta proposatuz.

Inguruan ditugun ekoizle, kontsumo elkarte, azoka zerbitzu, denda txikien berri eman eta ezagutaraziz.

Gomendioen zergatian elikadura jasangarriaren irizpideak jorratuz.

Ongizaterako aholkuetan natura errespetatuz berau gozatzera gonbidatuz.

Elikadura sistemaren aldaketarako eskualdeko foro eta ekimenetan parte aktibo izanez.

Kontzientziazio tailerrak eskainiz.

Elikadura osasuntsu eta iraunkorra sustatzeko herri eta komunitate mailako proiektuetan aholkatu eta parte hartuz.